Idoia
Beratarbide
Arrieta

Koadro batean sartzen da munduaren neurria 

 

Koadro batean sartzen da munduaren neurria,
denboraren abaila,
ispiluen memoria.
Eskuak taupadaka, sormena bide eta ez helburu,
uneen hegaldiak koloreen ahotik mintzo zaizkit.
Oroitzapenekin elikatzen dira behakoak,
hala urtaroetan nola mihisean.
Irudimena aurpegien,
oinotsen,
ezpainen luzapena baino ez da,
egunak beretzat nahi lituzkeen
helmugen hastapena.
Nire ukabila bihotz bat da,
haizeak ustekabean itxi duen leihoaren
dardararekin erditzen dut
zirrikitu asmatuen ahotsa,
eguneroko gabeziak kolpatuz,
argiaren zimurrak itzalekin maitatuz.